Larunbat arratsaldean Zarauzko triatloi ospetsua lehiatu zen. Proba hau distantzia luzekoa izan zen, hau da, 2,5 km igeri, 80 km bizikletan eta 20 km korrika. Bertan ateratzera taldeko bi kirolari ausartu ziren, Joseba eta Aitor.
Larunbat arratsaldean egin beharreko ibilbidea Getarian hasten zen eta bertatik Zarautzera joan behar zen igerian, denetara 2,5 km osatuz, oraingo honetan marea behe-behean zegoela tokatu zen. Ondoren bizikletan bi itzuli eman behar ziren Meaga igo ondoren Arroaraino joan eta Zumaiatik kostaldetik itzuli. Ondoren beste itzuli bat, Oriora joan eta baserri bide batetik Aiara igo behar zen, sekulako aldapa igoz. Aiatik jaitsi eta 80 km-ak osatu ondoren korrikako saioa hasi zen. Korrika 20 km egin behar ziren Zarauzko kaleen artean, 3 itzuli eta erditan. Ibilbidean zehar jende piloa zegoen animatzen.
Proba berezia izan zenez eta bi taldekide bakarrik joan zirenez beraien kronika idatziko ditugu jarraian. Aitor erretiratu egin zen korrika hasi aurretik eta Josebak proba 130. postuan amaitu zuen 4:49:33ko denborarekin, 2. SUB23 izan zelarik.
Aitorren kronika:
“Igerian gustora ibili nintzen. Hasieratik erritmoa egoki bat hartu eta talde batean sartu nintzen. Igeriketaren bukaera arraro xamarra izan zen. Taldeak harkaitzetatik urruntzeko erabakia hartu zuen. Nik nahiago izan nuen harkaitzen ondotik pasa. Hori dela eta bakarrik geratu nintzen. Gaurko egunean zalantzak dauzkat ea erabaki egokia hartu nuen edo ez. Hala ere nahiko gustora geratu nintzen igeriketako saioarekin.
Bizikletan estutzeko intentzioa neukan. Baina ez hankak ez tripa ez zihoazten nahi bezela. Neraman erritmoa ez zen txarra baina ez zen nahi bezelakoa. Meagako bigarren pasaldiaren ostean, botakaka ibili nintzen eta hor hasi zen nere gainbehera. Tripak gaizki eta buruai bueltak ematen…
Azkenean erretiratzeko erabakia hartu nuen, aldez aurretik ezarritako helburuak lortzeko ezintasuna ikusirik.
Gogo handiak dauzkat Zarautzeko triatloia ondo egiteko. Ea datorren urtean berriz saiatzeko aukera daukadan”
Josebaren kronika:
“Lasterketa hau prestatzen denbora asko neraman, esfortzu eta sufrimendu asko. Hasi aurretik zalantzak nituen buruan eta urduri nengoen, baina gogotsu azkenean eguna iritsi zelako.
Irteeran Aitorrekin batera jarri nintzen eta aurrean ateratzeko aukera izan zuen. Hori aprobetxatuz, taldea eskubitara utzi eta ezker aldetik tokia egitea lortu nuen. Igeriketako saio gehiena bakarrik egin nuen, eta batzuetan norbaiten atzetik. Oso gustura egin nuen igeri, erritmoa hartu eta bukaerara arte bertan mantenduz. Azkenerako gainera nahiko denbora ona atera zitzaidan.
Bizikleta hartzerako jada jendetza zegoen animatzen, ze euforia! Baina, lasai hasi beharra zegoen, bizikleta oso luzea egiten da eta horrelakoetan. Meaga lasai igo eta jaitsi ondoren erritmoa hartzen joan beharra neukan pixkanaka. Nere tokia bilatu nuen eta jendea pasaz joan nintzen, batzuk pasa zidaten baina gutxiengoa izan zen. Morala ematen du horrek. Getaria pasa eta Zarautzera hurbiltzen ari nintzela gertukoen animoak espero nituen, 25 km ia inor ikusi gabe egon ondoren. Eta gertukoenak bakarrik ez, hor zeuden guztien animoak jaso nituen, ze jendetza animatzen! Herritik pasatzeko momentu horretan airetik nindoala ematen zuen. Horregatik zati hori poliki-poliki egiteko ideiarekin joan nintzen, gero ordaindu beharrik ez izateko. Jendea bukatutakoan berriro errealitatera buelta, berriro Meaga igo, jateko zerbait hartu eta nere martxan jarraitzera. Mendatea jaitsi eta segituan geratu nintzen urik gabe, ze faena! Oriora arte urik edan gabe.
Baina nik nerera, erritmoa eutsi eta jendea pixkana pasatzen joan. Zarautzen berriro animo piloa jaso eta Orioko gainera igoera. Egia esan, eskertu nuen igoera bat hainbeste denbora akoplatuta joan eta gero. Gainera, bizikletako hasieran pasa zidaten batzuk harrapatu nituen. Aldapa jaitsi eta benetako momentua gerturatu zen, %18ko aldapa igotzeko unea. Ze gogorra!! Ezagutzen nuen baino espero baina luzeagoa egin zitzaidan. Izerdi patsetan, esfortzu betean. Baina azkenean gora iritsi nintzen. Aiatik pasatzerakoan jateko gehiago hartu eta beherako bidea lasai hartzea pentsatu nuen. Indarrak ahalik eta gehien berreskuratu korrikako saioa ondo hasteko.
Bizikleta uzterakoan pena, anaiaren bizikleta ez zegoen. Baina nik nereari eutsi beharra neukan. Poliki aldatu eta pixkanaka korrika hasi. Berriro ere jendetza animatzen. Hasierako zatian batzuk pasa zidaten baina nik korrika ere nere erritmoa hartu beharra neukan, pixkanaka. Ahal zen guztietan ura hartu nuen; edateko eta burutik behera botatzeko. Hasieran errez eutsi nion erritmoari, azken itzulia iritsi ahala indarrak geroz eta justoago neuzkan. Benetan gogorrena azken 2 km-ak egin zitzaizkidan, indarrak faltako zitzaizkidala ere pentsatu nuen, baina eutsi egin nion. Ez nuen erritmoa jeitsi eta azkeneko kilometroa ikusi nuen. Anaia eta lagunen animoak jaso eta beste kilometro erdia egin nuen. Orduan, jada jende artean, eginda zegoela ikusi nuen. Kaleen artetik sartu eta azkenean helmuga ikusi nuen, gainera 5 ordu baino gutxiago jartzen zuen. Ze poza!”
Mutilen sailkapena:
Postua | Abizena | Izena | Denbora |
130 | Alberdi | Joseba | 04:49:33 |
Argazkiak: https://goo.gl/photos/AJuBEwE9EZskQuSY6
Cracks!!
Aitor, datorren urten egurraaaaaa!!! Ni jarriko naiz de habituallamiento 😉