Urteko bost kirolari onenei egindako lana aitortu zaie gaur Zumarragan

on

Udaletxeko ekitaldia 013.JPG

Gemma Hernandez, Olatz Diaz del Rio, Urola Asirauto Plazaola triatloieko emakumeen taldea, Izaro Lasa eta Gorka Azkaratek jaso dute udalaren aitortza.

Urteko kirolari onenak saritzeko ekimena egin zen Zumarragako udaletxean abenduaren 23an. Herriko kirolariei urte osoan zehar egindako lana aitortu nahi izan zien Udalak sari honekin. Arlo ezberdinetan nabarmendu diren bost kirolari saritu ditu aurten Udalak. Era berean, kirol zein kultur arloan Udalarekin elkarlanean aritu den pertsona bat ere saritu dute aurten. Guztiek Antioko irudia daraman diploma eskuratu zuten Mikel Serrano, Zumarragako alkatearen eskutik. Ekimenean parte hartu zuten, era berean, Rufino Mateos, kiroletako zinegotziak eta Fernando Fariñas gizarte zerbitzuetako zinegotziak. Jarraian duzue ikusgai sarituen zerrenda:

  • Gema Hernandez Andoin.- triatloia
  • Olatz Diaz del Río.- plater tiraketa
  • Urola Asirauto Plazaola Triatloi taldeko neskak.- triatloia
  • Izaro Lasa Agirre.- txirrindularia
  • Gorka Azkarate Torner.- mendia eta kultur arloko hainbat ekintza

Mikel Serrano, Zumarragako alkateak Izaro Lasa txirrindulariak egindako ahalegina nabarmendu nahi izan zuen. Izaro Lasak, istripu larria izan zuen pasa den abuztuaren amaieran. Hilabeteak pasata, onik irten da istripu hartatik, eta berriz bizikleta gainean igota dabil.

Bestalde, Gorka Azakarteri kirol, nahiz kultur arloan herri mailan egindako lana aitortu zion Serranok. Azkarateren kurrikuluma amaiezina da, baina aipatzekoen artean, Zumarragako hainbat eta hainbat ekintzetan egiten dituen esatari, bertsolari, antolatzaile eta koordinatzaile lanak aipatu ziren, baita bertso-eskolan urteetan egin duen lana, musikari bezala eskaini dituen emanaldiak ere. Kirolaren alorrean ere hainbat dira Azkarateren lorpenak, Gioierri Garaia mendi lasterketa taldeko kide da, eta 2010ean Piriniotako 3000 metroko mendi guztiak igotzearen erronka bere egin zuen, guztira 213 gailur, batzuk aipatzearren.

Egilea: Asier Zaldua (otamotz.com)

Lizentzia: cc-by-sa

Jatorria: http://www.otamotz.com/content/view/8532/1229/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude