Inauteri larunbatean, hilak 18, goizean Urola Plazaola triatloi taldeak urteroko biltzarra ospatu eta aurkezpen argazkia atera zuen Zelai Ariztin. 35 dira aurten taldean daudenak, horien artean 8 neska.
Arratsaldean berriz, Sopelako VII. duatloia jokatu zen, bi urteko etenaldiaren ostean. Euskal duatloi zirkuituko bigarren proba izan zen, Barakaldon astebete lehenago jokatu zenari segida emanez. Bertan izan ziren Urola-Plazaola triatloi taldeko gure hainbat kide. Bost hain justu ere. Guztira 200dik gora izan ziren bertaratutako duatletak. Horietatik dozena bat emakumeak.
Esprint distantziako lasterketa izan zen hau ere, denboraldi hasieran ohikoa den lez. Parte hartzaileek korrika 5,2 km, bizikletan 19,2 km eta amaitzeko, berriro ere lasterka, 2,5 km osatu behar izan zituzten. Korrika herri barruko ibilbide bati bi itzuli eman behar izan zizkioten lehen atalean eta bat azken atalean, herriko plazan hasita. Bizikletako atalean, berriz, Sopelatik irten eta Barrika, Plentzia eta Urduliz zeharkatu zituzten. Ibilbide gogorra izan zuten, gorabeheratsua.
Gizonezkoetan Kepa Ruiz izan zen garailea eta emakumezkoen lasterketan Nerea Etxeberria azpeitiarra. Gure ordezkarien lanari dagokionez Juan Carlos Rueda 55. sailkatu zen, Jose Manuel Benitez 74., Jon Murua 105., Iosu Bareño 121. eta Jose Tomas Sanchez 157. helmugaratu zen. Taldekako sailkapenean 17. amaitu zuten.
Geroz eta kide gehiago dira denboraldiaren hasiera honetan lehiari ekin diotenak, dozena bat bai dagoeneko, eta datorren asteetan kopuru horrek gora egitea espero da. Hurrengo hitzordua larunbatean, hilak 25, Mungian izango da. Hau ere sprint distantziakoa da.
Bestalde, igandean, hilak 26, Ibone Sanchezek Moraleja de Cocako duatloiean parte hartuko du, Espainiako Duatloi Txapelketara sailkatzeko frogan. Urolako triatloi taldeko batek elite mailan parte hartzen duen lehen aldia izango da.
Zirkuituko sailkapenak
Sopelakoaren ostean, duatloi zirkuituko sailkapenetan aipagarriena Ruedaren postua da: 27. sailkapen orokorrean eta 6. beterano I mailan.