2013 denboraldirako dena prest

Urte berria, 2013a, hasi zenetik Urola triatloi klubeko kirolariak denboraldi berriari begira dabiltza. Aurtengoan ere erronka ugari eta ilusio handia izango dituzte ardatz euren jardunean. Jarraian denboraldi berriko asmoen inguruko informazio zehatzagoa.

Taldearen eraberritzea

Legedia aldaketa bat medio taldea hemendik aurrera bere kabuz arituko da lanean, klub izaera hartuta, ez da Urola K.E.aren barruan egongo, beraz. Hori dela eta, izena ere aldatu da, hemendik aurrera Urola Triatloi Kluba izango baita. Hala ere, bertako funtzionamendua ez da gehiegi aldatuko lehengo urteetatik eta kideek gogo eta ilusioa gainezka dituzte. Horren erakusgarri taldeko aurkezpen argazkia eta entrenamendu bateratua osatu zituzten hainbat kidek urtarrilaren 13an. Argazki ofiziala atera eta ondoren maratoi bat osatzeko erronka gainditu zuten taldekideek kilometro bateko tarteak eginez txandaka. Eguna amaitzeko taldeko bazkariarekin errekuperatu zituzten indarrak.

Babesleak

Denboraldi honetan bi babesle nagusi izango ditu klubak: Plazaola Iturgintza eta Godoy Bike & Ride. Lehena taldearen sorreratik da babesle eta laguntza handia eman dio egitasmoari lehen unetik, beste denboraldi batean ere bidelagun izatea asmo tinko izanik. Bigarrena, berriz, aurten gehitu zaigu eta taldeari laguntza eskaintzeko nahia agertu du honek ere. Eskerrik asko eta ongi etorriak! Horrez gain, Zumarraga eta Urretxuko udalen babesa izaten jarraituko du.

Neguko Triatloiak

Urtarrilaren 26an Reinosan jokatu zen Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa. Bertan gure taldekide batek parte hartu zuen eta denboraldia garaipen batekin hasi, gainera. Proban korrika 10 km, bizikletan 24 km eta amaitzeko iraupen eskian 9,6 km osatu zituzten triatloilariek. Josetxo Mujika Neguko Triatloian Espainiako Txapeldun izan zen bere adin taldean: 55-59 urte. Jon Erguin beasaindarrak irabazi zuen eliteko gizonezkoen proba eta parte hartzaileen %33 sailkapenetik kanpo utzi zituen, “denbora muga” zorrotza ezarri zuelako proba bikain baten ondoren. Josetxo, larri samar, baina denbora tarte horretan sartu zen, ordea. Emakumezkoetan Ana Casaresek irabazi zuen.

Asteburu honetan, otsailaren 16an, jokatuko da Jaca-Candanchúko II. Neguko Triatloia. Bertan korrikan 10 km, bizikletan 33 km eta amaitzeko iraupen eskian 10 km egingo dituzte kirolariek. Bertan parte hartzeko asmotan dabil Josetxo ere. Ea elurrak eta eguraldiaren baldintzek horretarako biderik ematen dieten.

Euskadiko duatloi zirkuitua hastera doa

Larunbatean, hilaren 16an, ekingo diete duatloilariek egutegi ofizialeko probei. Aurten guztira 13 lasterketa antolatu ditu Euskadiko Triatloi Federazioak apirilaren 27ra bitartean. Asteburu honetako probak, lehenak, esprint distantziakoak izango dira. Larunbatean, hilak 16, Sopelako VIII. duatloia, eta biharamunean, igande goizez, Barakaldoko XIV. duatloia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude