Herriko triatloilariak Tarragonan

Aurreko igandean Tarragonako La Ametlla del mar herrian Katalunia kopako triatloi proba jokatu zen distantzia olinpikoan eta erdian. Distantzia olinpikoan triatloilariek  1500 m igeri, 45 km bizikletan eta 10 km korrika bete behar izan zituzten eta distantzia erdian aldiz 1900 m igeri, 90km bizikletan eta 21km korrika. Aipatzekoa da korrika saioan izan zituzten tenperatura altuak, 30 gradutik gorako tenperaturak jasan behar izan baitzituzten.

Euskal herrian triatloi probak bertan behera geratu direnez Plazaola Urola triatloi klubeko kideak bertan parte hartu zuten. Gainera, emaitza onak lortu zituzten. Alde batetik, distantzia olinpikoan Ainara Gonzalezek, Jose Mari Mujikak, Oier Diaz de Espadak, Ander Erauskinek eta Iñaki Etxanizek parte hartu zuten. Azpimarratzekoa da Ainara Gonzalezek lasterketa bikain baten ostean lorturiko 4. postua, nesken sailkapen orokorrean.

Distantzia erdian aldiz Plazaola Urola Triatloi klubeko Gemma Hernandezek bakarrik parte hartu zuen. Triatloilari urretxuarrak, igeriketa bikain baten ostean, nesken sailkapen orokorrean lehenengo postuan iritsi zen bizikleta hartzera, eta helmugaraino ez zuen lehenengo postu hori utzi. Bizikletako eta korrikako ibilbideak oso gogorrak izan arren, igeri lortutako abantailari eusteaz gain tarte handiagoa atera zion 2. sailkatuari. Argi dago distantzia hori bikain menderatzen duela Plazaola Urola Triatloiko kide den Gemma Hernandezek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude