Triatloi denboraldia aurrera doa, eta aurreko larunbatean zita garrantzitsua izan zuten Plazaola Urola triatloi taldeko kideek. Gasteizko VI half triatloia, hain zuzen ere, distantzia horretako Euskadiko txapelketa. Garaioko urtegira ilusio handiz joan ziren Plazola Urola triatloi kideko Oier Diaz de Espada, Josetxo Mujika, Juan Carlos Rueda, Estanis Carpio, Jose Mari Mujika, Gema Hernandez eta Iñaki Etxaniz. Bertan, 1900 m igeri egin ostean, bizikletak hartu, eta 90 km egin behar izan zituzten, Arabako lautadak zeharkatuz Gasteizera iritsi arte. Bizikleta azkarra egin zuten, nahiz eta zaparrada bat edo beste harrapatu. Gasteizko unibertsitateetan bizikletak utzi eta 21 km korrikako zirkuitu gogorra izan zuten. Gasteizko alde zaharra goitik behera zeharkatu zuten, bertako kaleetan 3 bueltako zirkuitu aldapatsuari aurre eginez. Emaitza bikainak lortu zituzten Plazaola Urola triatloi klubeko kideek. Gemak 5. postua lortu zuen emakumezkoen sailkapen orokorrean, eta horrekin batera, Euskadiko 2. postua. Josetxo Mujikak, beterano mailan, Euskadiko txapela lortu zuen beste behin ere, eta azpimarratzekoa Jose Mari mujikak eskuratu zuen beterano mailako 3. postua. Hurrengo zita larunbat honetan dute, Zarauzko triatloi ospetsuan.