Joan den larunbatean Urola Plazaola Triatloi klubeko taldeko kideek bi zita zituzten. Bat, distantzia motzean, Getarian jokatu zen; eta, bestea, distantzia luzean Iruñea inguruetan. Getariko esprint triatloian Urola Plazaola triatloi klubeko Julen Andolak, Ekain Calvok eta Josetxo Mujikak parte hartu zuten, eta emaitza bikainak lortu. Lehenik, Getariako hondartzan 750 m igeri egin zuten; jarraian, bizikletak hartu, Meagas-eko gaina igo behar izan zuten, eta 20 km ibilbide gogorra egin; azkenik, Getariako portuan bizikletak utzi, eta 5 km korrika egin zituzten bertako kaleetan zehar.
Nafarroako Allotz herriko urtegian izan zuten bigarren zita Urola Plazaola triatloiko Oier Diaz De Espadak, Jose Mari Mujikak eta Iñaki Etxanizek. Bertako uretan 1900 m igeri egin ondoren, bizikletak hartu, eta Iruñera joan ziren, Nafarroako paraje ederrak zeharkatuz. Bizikletako ibilbideak 85 km zituen eta egindako haizeak asko gogortu zuen sektore hau. Iruñeko Gaztelu plazan hasi zen korrikako ibilbidea. 20 km egin behar izan zituzten Iruñeko karriketan zehar, 3 buelta zituen ibilbide aldapatsuan. Gustura bukatu zuten eginiko lanarekin Urola Plazaola triatloiko kideek.