Duatloi jaurdunaldi gazi-gozoa Barakaldon

Igande goizean Barakaldoko duatloia ospatu zen eta bertara gerturatu ziren Urola Plazaola triatloi taldeko lau kide. Duatloi honek ematen dio hasiera 2012ko Duatloi Zirkuituari. Aurtengo zirkuitua 16 duatloiz osatua egongo da, 12 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 4 Nafarroan. Sailkapen finalean sartu ahal izateko, 9 frogetan puntuatzea ezinbestekoa da, horietako bat gutxienez Nafarroan izanda.

Barakaldoko duatloia esprint distantziakoa izan zen eta osatu beharreko frogak, ondorengo atalak zituen: lehenbizi, 5 km korrika herrigunetik eta MegaPark gunetik; gero 20km bizikletan, MegaPark inguruan prestatutako zirkuitu bati 3 bira emanez; eta azkenik, 2,5 km korrika herrigunetik. Oraingo honetan, orokorrean nahiko ibilbide laua izan zuten.

Neskek ireki zuten lasterketa; 9 neskek bakarrik hartu zuten parte eta euren artean Ibone Sanchez taldekidea. Hasieratik lasterketa buruan izan zen, baina bizikletako saioan, beste duatletekin kontaktua galdu eta bidegurutze batean, antolakuntzakoen esanei jarraiki metro gutxi batzuetako desbideraketa bat izan zuen. Konturatzerako berandu zen eta bazekien deskalifikatua izango zela. Hala ere, lasterketa amaitu arte jarraitu zuen, Lourdes Oiartzabalen atzetik, bigarren postuan helmugaratuz.

Mutilen kasuan 120 inguru zeuden irteera puntuan eta gureen artean, Ivan Gonzalez, Juan Antonion Seño eta Juan Carlos Rueda izan ziren parte hartzaile. Hirurek lasterketa ona osatu zuten lehen atalean. Bizikletako saioan Ibonek egindako akats bera egiteko puntuan izan ziren, baina garaiz zuzendu ahal izan zuten, lasterketa penalizaziorik gabe amaituz. Azkenean Ivan izan zen azkarren sailkapen orokorrean 36. amaituz eta atzetik Seño (47.) eta Rueda (49. eta 8. beterano I mailan) helmugaratu ziren. Taldekako sailkapenean, 5. postua lortu zuten.

Hurrengo froga larunbatean izango da, Sopelako duatloia, hau ere esprint distantziakoa.

2012ko zirkuituko sailkapenak

Aurten Euskadiko Triatloi Federazioak zirkuituko sailkapenak eguneratuta eramateko asmoa dauka. Oraingoz Barakaldo da puntuak banatu dituen froga bakarra, beraz, Urola Plazaola triatloi taldeko kideak ondorengo postuetan ageri dira: Ivan Gonzalez 32., Juan Antonio Seño 41. eta Juan Carlos Rueda 42.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude