Larunbat arratsaldean euskal zirkuituaren baitan Lekeitioko XVII. triatloia ospatu zen. Parte hartzea oso handia izan zen, 400 baino kirolari gehiago irteeran eta taldeko 13. Aipatzekoa izan zen Aintxineren debuta triatloietan, Aitorrek lortutako 4. postua eta baita mutilek taldeka lortutako 4. ere.
Kirolariek osatu beharreko ibilbidea esprint distantziakoa izan zen. Hau da 750 m Isuntzako hondartzatik, 22 km bizikletan, bi aldiz Milioi igotzen eta 5 km korrika, portutik abiatuz, farora igo eta jaitsi.
Nesketan ere parte hartzea oso handia izan zen, ia 50 emakume izan ziren irteerako lerroan eta gureen artean lehena Ainhoa Garcia izan zen, batez ere bizikleta on bat egin zuelako, azkenean 19. sailkatuz. Ondoren Gemma iritsi zen, bizikletan arazo batzuk izan zituela. Idoia, ondoren, Lekeitiokoa bezalako proba bereziaz gozatzera atera zen eta baita lortu ere. Aintxine, aipatu bezala, bere lehen triatloia egitera animatu zen. Bukatzea lortu zuen eta benetan gustura sentitu zen, errepikatzeko esperientzia izango delarik. Neskak, taldeka, 6. sailkatu ziren.
Mutiletako irteera zoramena izan zen. Irteera lerroan 400 kirolari eta denak batera uretara, 750 m bakarrik egiteko. Kolpe ugari banatu ziren, baina nahiko zabal atera ziren. Mutiletan lehena Aitor izan zen, espero baino kolpe gutxiago jasota. Bizikletan beste batekin elkartu zen eta korrika egitera bigarrenarekin bat egin zuen, baina korrika egiterakoan 4. postuarekin konformatu behar izan zuen, baina hala ere, sentsazio onekin bukatu zuen. Bere atzetik Josetxo sailkatu zen. Igeri Joseba Alberdiren atzetik egin zuen baina lehenengo Milioko igoeran harrapatu zuen eta biek batera talde handi bat osatu zuten. Korrika, Josetxok indarrez, aurrera egin zuen. Josetxok, beterano II mailan irabazi zuen eta Joseba 8. geratu zen SUB23 mailan. Biekin ia batera, uretatik Raúl atera zen, baina bizikleta ahulago bat egin zuen. Bizikleta saioan Matxinek harrapatu zuen baina, korrika berriro ere, atzean utzi zuen eta Raúl aurretik sartu zen. Matxinek oraingo honetan bizikletan bere maila ematea lortu zuen, ibilbidea gogor xamarra baitzen. Roberto igeri kolpe asko jaso eta gero, bizikletako saioan Arturorekin bat egin zuen, pelotoi handi batean. Alde egiten saiatu zen, baina indarrek ez zioten lagundu. Korrikako saioan pixkanaka erritmoa hartuz joan zen Roberto eta Arturok bereari eutsi zion, lasterketa gustura amaitzeko. Jon, Donostiako kolpetik errekuperatuta, sentsazio onekin lasterketa egitera hurbildu zen, baita lortu ere. Pozik geratu zen egindako lasterketarekin. Joseba Garmendiak, bere aldetik, zorte txarra izan zuen, esperientzia errepikatzera zetorren, baina bizikleta hartu eta berehala erori egin zen eta kolpeek egiten zioten minengatik erretiratu beharra izan zuen. Azkenean, ez zuen min handirik izan eta susto batean bakarrik geratu zen.
Nesken sailkapena:
Postua | Abizena | Izena | Denbora |
19 | Garcia | Ainhoa | 01:24:04 |
27 | Hernandez | Gemma | 01:25:21 |
37 | Garde | Idoia | 01:29:31 |
40 | Kerejeta | Aintxine | 01:32:26 |
Taldekide mutilen sailkapena:
Postua | Abizena | Izena | Denbora |
4 | Alberdi | Aitor | 01:03:17 |
43 | Mujika | Josetxo | 01:07:46 |
54 | Alberdi | Joseba | 01:08:54 |
106 | Montiel | Raúl | 01:13:21 |
119 | Matxinandiarena | Iban | 01:13:50 |
172 | Renilla | Roberto | 01:16:17 |
199 | Mariscal | Arturo | 01:17:35 |
237 | Aramendi | Jon | 01:19:46 |
Argazkiak: https://goo.gl/photos/iUYPSwGthjNiB5aN8