Bi hitzordutan parte hartu dute Urola-Plazaola taldeko kideek asteburu honetan. Larunbatean Eibarko XXI. duatloian eta igandean Izabako neguko triatloian.
Eibarko XXI. duatloia
Larunbatean jokatu zen Eibarko duatloia, denboraldi honetako euskal zirkuituko laugarren proba. Kasu honetan, gainera, bertan banatu ziren Gipuzkoako esprint distantziako duatloiko txapelak ere.
Urola-Plazaolako sei duatletak parte hartu zuten bertan. Parte hartzaileek korrika 5km, bizikletan 25km eta amaitzeko, berriro ere lasterka, 2,5km osatu behar izan zituzten.
Kepa Ruiz izan zen nagusi gizonezkoetan, 1:00:01eko denbora eginez. Gureei dagokienez, berriz, Jon Telleria izan zen lehen taldekidea, 40.postuan, 1:05:48rekin. Bere atzetik sailkatu ziren Juan Antonio Seño, 41., Iosu Bareño, 61., José Manuel Benitez, 68., Raimundo Diaz, 140., eta José Tomás Sánchez, 160. Emaitza hauei esker bosgarren amaitu zuten taldekako sailkapenean. Emakumeetan, berriz, Ainhoa Lendinezek jantzi zuen txapela.
Hurrengo hitzordua larunbatean da: Oñatiko XXI. Duatloia. Hau distantzia motzekoa da: 10km korrika, 40km bizikletan eta 5km korrika.
Izabako Neguko Triatloia
Atzo, berriz, hilabete lehenago bertan behera utziriko Izabako neguko triatloia jokatu zen Erronkariko ibarrean. Euskadiko Txapelketa ere izan zen proba hau bera.
Bertan honako lana bete behar izan zuten triatletek: korrika 8,3km, 22km bizikletan eta 10km iraupen eskian. Korrika Izaba inguruan ibili ziren atletak, baso-pista, bidezidor eta harrizko lurrez osaturiko ibilbidean hiru itzuli osatu arte. Ondoren bizikletan Erronkariko mendi zentrora (Larra-Belagua) igo ziren, bertako pistetan prestaturiko ibilbidean 3 itzuli emanda amaituz proba, iraupen eskiko zatiarekin.
Eguraldi traketsa izan zen tamalez protagonista nagusienetakoa, hotzak eta euriak eraginda parte hartzaile askok bertan behera utzi baitzuten proba. Hala ere, gure ordezkariak, Josetxo Mujikak, ibilbidea osatu eta 15. helmugaratzea lortu zuen. Bere mailan, beterano II, garaipena erdietsi zuen. Euskadiko Txapelketari dagokionez 6. geratu zen orokorrean eta kasu honetan ere garaile bere kategorian.