Pasa den asteburuan euskal duatloi zirkuituko 3 proba jokatu ziren. Larunbatean zita bikoitza izan zen, Altsasun eta Ermuan egin baitziren duatloiak, biak esprint distantziakoak. Igandean berriz, duatletak Zornotzan bildu ziren, distantzia motzeko duatloia osatzera.
Altsasuko Duatloia
Arratsaldeko lauretan eman zitzaion irteera Altsasuko Duatloiari. Bertan ia 200 parte hartzaile, horien artean zortzi Urola Plazaolako taldekideak. Bete beharreko ibilbidea: 5 km korrika herrian bi bira emanez, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika, lehen zatiko zirkuituari bira bakarra emanez. Eguraldia lagun, lasterketa paregabea izan zen.
Sailkapen nagusian, mutiletan Raul Amatriain gailendu zen 1:01:45ko denborarekin; nesketan Nerea Gambra izan zen garaile, 1:14:50ko marka ezarriz. Urola Plazaolako taldekideen artean, Jon Telleria bikain aritu zen eta 18. amaitu zuen 1:07:01 eginez. Bere atzetik: Josetxo Mujika 24., Iosu Bareño 41., Iñaki Etxaniz 53., Joseba Alberdi 65., Raimundo Diaz 109. eta José Tomás 150. Nesketan, taldekide bakarra, Aintxiñe Kerejeta, 9. postuan iritsi zen.
Taldekako sailkapenean, Urola Plazaola Triatloi Taldea hirugarren izan zen eta Josetxo Mujikak bere garaipen bat eskuratu zuen beterano II mailan.
Ermuko Duatloia
Ermuan arratsaldeko bostetan eman zitzaion lasterketari hasiera. 120 izan ziren bertan bildutako duatletak, horien artean Urola Plazaolako taldekide bakarra. Duatloia osatzeko 5 km korrika, 20 km bizikletan ibilbide oso gogorra osatuz eta azkenik 2,5 km korrika egin behar zituzten.
Sailkapen nagusian Kepa Ruiz izan zen garaile, 57:59ko denbora eginaz. Nesketan berriz, Gurutze Frades 1:10:05eko markarekin. Urolako taldekideak, Roberto Renillak, 48. postuan amaitu zuen, 1:10:24ko denborarekin.
Zornotzako Duatloia
Igande goizean Zornotzan bildu ziren atletak. 140 parte hartzaile guztira, horien artean Urola Plazaolako taldekide bakarra oraingoan ere. Froga osatzeko 9,8 km korrika, 36 km bizikletan eta 4,8 km korrika izan ziren bete beharrekoak.
Sailkapen orokorrean, Iurgi Etxeandia izan zen garaile, 1:46:36ko marka ezarriz. Nesketan, Lourdes Oiartzabal gailendu zen 2:11:44ko denborarekin. Urola Plazaola taldeko Raul Montielek 2:05:36ko denborarekin 59. amaitu zuen.
Datorren asteburuan Durango
Duatloi zirkuituko hurrengo zita larunbatean, hilak 31, izango da Durangon. Bertan distantzia motzeko duatloia jokatuko da eta han banatuko dira Euskadiko txapelak.