Euskadiko txapeldun Gernikan ere bai

Atzo, apirilak 14, Gernika-Lumoko XVII. nazioarteko esprint duatloia jokatu zen. Aurten, gainera, Euskadiko txapelak ere bertan banatu dira.

Giro petralari aurre eginez, barrurako modukoa zegoen euri, hotz eta haize boladak medio, 250 duatleta izan ziren irteera puntuan. Zain zituzten ibilbidean 5,2 km-ko hasierako korrika saioa, Urdaibai inguruan 26 km-ko bizikleta itzuli bat eta amaitzeko korrikako bigarren atala, 2,6 km-koa.
Sailkapen orokorrean, gizon zein emakumezkoetan, Emilio Antonio Martin eta Inmaculada Pereiro nagusitu ziren, 1:04:20 eta 1:14:05 denborekin. Euskadiko txapelak, berriz, Kepa Ruizek eta Inma Pereiro berak bururatu zituzten.

Urola-Plazaolako kideei dagokienez sei kidek hartu zuten parte eta Josetxo Mujika nekaezina izan zen helmugaratzen lehena, 28., 1.09.43rekin. Gainera, beterano II mailan beste txapel bat eskuratu du, Euskadiko esprint distantziakoa. Haren ondoren amaitu zuten Juan Antonio Señok, 50., Jose Manuel Benitezek, 72., Joseba Alberdik, 91., eta Jose Tomas Sanchezek, 214. Seigarren taldekideak, aldiz, Iosu Bareñok, ez zuen proba amaitzerik lortu, bizikletako arazo mekanikoen erruz. Taldekako sailkapenean 8. postuan amaitu zuten.

Eguesibar

Gaur goizean, apirilak 15, jokatu da Eguesibarreko XII. duatloia, Sarrigurenen. Erlojupeko proba izan da, esprint distantziakoa. Parte hartzaileek 5 km korrikan, 21 km bizikletan eta amaitzeko berriro ere lasterka 2,5 km osatu dituzte. Bertan parte hartu du Raimundo Diaz taldekideak, 109. postuan helmugaratuz. Sailkapen orokorrean, berriz, Beñat Arnaiz eta Lourdes Oiartzabalek lortu dute garaipena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude