Uztailak 7an goizean jokatu zen Barakaldoko froga, euskal triatloi zirkuituko azken aurrekoa. Esprint distantziako triatloia izan zen eta irteera puntuan 100 parte hartzaile izan ziren; horietatik 10 neskak. Guztira igerian 0.75 km, bizikletan 20 km eta amaitzeko korrika 5 km osatu behar izan zituzten triatletek.
Taldeko ordezkari bakarra izan genuen bertan, Ibone Sanchez. Igerian azkarrena izan zen, baina uretatik irtetean neoprenoa hautsi zitzaion eta arazoak izan zituen kentzeko. Horrek jarraian zetorren Iraide Burgoa bere aurretik kokatu zuen. Hala ere, bizikleta hartu eta ibilbidearen erdialdera iritsi aurretik, buruan jarri zen berriro. Atzetik zetozenek ezin izan zituzten harrapatu eta beraz, bigarren trantsizio gunera biak batera iritsi ziren. Korrika egiteko garaian, Ibonek ez zuen areriorik izan eta erraz eskuratu zuen garaipena.