Mungiako V. Duatloia
Otsaileko azken larunbatean, hilak 23, jokatu zen Duatloi Zirkuituko hirugarren proba hau. Sprint distantziakoa izan zen, kirolariek 5km. korrikan, 21km. bizikletan eta amaitzeko 2,5km. berriro ere lasterka osatu zituztelarik. Lasterketako sailkapen orokorretan Iurgi Etxeandia (1:01:07) eta Naiara Pérez (1:15:36) nagusitu ziren, hurrenez hurren, gizonezko zein emakumezkoetan.
Bertan Urola-Plazaola-Godoyko hiru taldekide izan genituen eta honela geratu ziren sailkapenean: 30. Jon Azpiazu (1:05:35), 50. Iosu Bareño (1:07:34) eta 104. Joxe Mari Mujika (1:15:50). Taldekako sailkapenean 12. amaitu zuten.
Eibarko XXII. Duatloia – Gipuzkoako Duatloi Sprint Txapelketa
Larunbatean, martxoaren 2an, jokatu zen Eibarko XXII. Duatloia eta aldi berean Gipuzkoako Duatloi Sprint Txapelketa. Korrika herri barruko zirkuitu batean biraka 5 km. osatu zituzten lehenengo, ondoren bizikletan Eibar-Osintxu joan-etorrian 24 eta amaitzeko herri barruko zirkuituari bira bat emanez 2,5 korrika. Emakumezkoetan Ainara Pacheco (1:12:25) izan zen bizkorrena eta gizonezkoetan, berriz, Oier Ariznabarreta (1:00:43). Gipuzkoako txapelak, berriz, Ainara Pacheco eta Luis Mari Urizarrek etxeratu zituzten.
Proba honetan gure hamaika taldekidek hartu zuten parte eta honela sailkatu ziren hurrenez hurren: Mikel Murua 30., Ivan Gonzalez 47., Juan Antonio Seño 68., Iosu Bareño 72., Roberto Renilla 93., Jon Murua 107., Arkaitz Etxezarreta 132., Raimundo Diaz 145., Joxe Mari Mujika 163. eta Jose Tomas 166. Taldeka 8. amaitu zuten.
Erronkari Harana Neguko III. Triatloia
Igandean, hilak 3, jokatu zen Erronkari bailarako Neguko III. Triatloia Izaban. Bide batez, bertan banatu ziren kategoria guztietako neguko triatloietako Euskadiko txapelak ere. Bertan Josetxo Mujika taldekideak parte hartu zuen. Benetan lasterketa dotorea burutu zuen, korrikan 7km., bizikletan 22 eta iraupen eskian 10km., eta sailkapen orokorrean 10. izan zen (2:11:03). Bere kategorian, berriz, beste garaipen bat erdietsi eta txapel berri bat etxeratu zuen, beterano II mailan Euskadiko lehena izan baitzen. Gizonezkoetan proba amaitzen Raul Roda (1:58:04) izan zen lehena eta emakumezkoetan, berriz, Alba Xandri (2:19:54).