Larunbat eta igandean hainbat proba ospatu ziren Senperen. Distantzia eta mota ezberdinetako triatloiak jokatu ziren bertan, banaka zein taldeka eta esprint zein distantzia olinpikoan. Gureek bi probatan parte hartu zuten, larunbatean taldeka jokatu zen erlojupekoan eta igandean hainbat kidek errepikatu zuten distantzia olinpikokoan.
Taldekako erlojupekoari dagokionez, esprint distantzian jokatu zen. Triatloilariek igerian 750 m, bizikletan 20 km eta korrikan 5 km osatu zituzten. Guztira 80 taldetik gora izan ziren bertaratutakoak, emakume zein gizonezkoen taldeak aintzat hartuta. Baldintza kideak elkarrekin joatea zen eta hirukoa zen helmugaratzeko gutxieneko kopurua. Irabazleak Garraitz 1 eta Itsaingem izan ziren gizon zein emakumeen sailkapenetan. Urola-Plazaolakoen kasuan laukoteak osatu zituzten: Ainhoa Auzmendi, Rosa Martin, Lorena Hernandez eta Ibone Sanchez eta gizonezkoetan Jon Telleria, Joseba Alberdi, Juan Antonio Seño eta Mikel Murua. Tamalez, zorte txarrak ustekabeko istripu bat eragin zuen. Izan ere, neskek istripua izan zuten bizikletako zatian eta proba bertan behera utzi behar izan zuten. Mutilek 22. amaitu zuten, 1:10:23ko denborarekin.
Igandean jokatu zen, berriz, distantzia olinpikoko proba, 350 lagunetik gorako partaidetzarekin. Bertan parte hartu zutenek 1,5 km igerian, 40 km bizikletan eta 10 km korrika egin zituzten. Sailkapen orokorrean irabazleak Gwenael Ouilleres, 1:53:26, eta Aurelie Beaurepaire, 2:13:26, izan ziren. Gure ordezkaritzari dagokionez sailkapena honela geratu zen: Jon Telleria 92., Roberto Renilla 136., Joseba Alberdi 158., eta Ibone Sanchez 210. 2:31:28. 7. sailkatu zen emakumeetan. Mikel Muruak ezin izan zuen froga amaitu.