Urola-Plazaolako taldekideen parte hartzeak aurrera jarraitzen du. Oraingoan hitzordua Bilbon izan zen, bertan ospaturiko distantzia erdiko bigarren triatloian.
1.900m igerian, 90km bizikletan eta 21km korrika; hori izan zen triatletek burutu beharreko distantzia. Lehenengo atala, Bilboko itsasadarrean joan etorria eginez osatzen zen. Ondoren, bizikleta hartu eta besteak beste, Etxebarri, Galdakao eta Enekuritik pasatzen zen ibilbideari bi bira eman behar zizkioten. Amaitzeko, Bilboko kaleetan zehar egin zituzten korrikako kilometroak.
Eguraldia ez zuten lagun izan eta hotzak eta euriak oraindik eta gogorragoa egin zuten lasterketa. Hala ere, irteeran zeuden 580tik 515 parte hartzailek proba amaitzea lortu zuten. Horien artean Urola-Plazaolako zenbait kide: Josetxo Mujikak 104. postuan amaitu zuen (lehena izan zen beterano II mailan), Jon Murua 144., Juan Carlos Delgado 249. eta Oier Diaz de Espada 253.
Lasterketako garaileak, 2011ko edizioan garaile izandako berberak izan ziren, halaber, gizonetan Mikel Elgezabal izan zen 4:11:53ko denborarekin eta emakumeetan, berriz, Virginia Berasategi, 4:37:13rekin.