Ekainak 22an arratsaldean jokatu zen Lekeitioko triatloia, Garraitz kirol elkartearen eskutik. Antolakuntzagatik zein parte hartzen duten kirolarien mailagatik, sona handiko froga da.
Sprint distantziako triatloia izan zen eta irteera puntuan 500 parte hartzailetik gora bildu ziren; horietatik 60 inguru neskak. Triatletek osatu beharrekoa hau izan zen: igerian 0.75 km egin behar ziren, hondartzan hasi eta amaitzen zen zirkuitoan; bizikletan 22 km, Milioi mendatea bitan igoz eta ibilbide gogor bati itzulia emanez; eta amaitzeko korrika 5 km, herriko farorainoko igoera barne zuela.
Proba nagusian Ryan Bailie Australiarra (1:01:09rekin) eta Gwen Jorgensen Estatu Batuarra (1:07:23rekin) izan ziren garaileak. Gwen mundu mailako sailkapenaren buruan da momentu hauetan, beraz, sekulako ikuskizuna egon zen Lekeition. Bigarren neska ere, punta-puntako triatleta da: Charlotte Mcshane Australiarra. Eta hirugarren, Ibone Sanchez taldekidea izan zen, luxuzko podiuma osatuz.
Gure beste ordezkarien artean berriz, Roberto Renilla 108.,Joseba Alberdi 239. eta Roman Lopez 250., mutilen artean; eta neskei dagokienez: Idoia Garde 21. eta Aintxiñe Kerejeta 29.
Nesken taldea, gainera, garaile izan zen taldekako sailkapenean, Zarauztarren aurretik.